XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Apunte-liburu honetan ikusten diren gaiak Estatistika Deskribatzaileari dagozkio, hau da, oinarrizko Estatistika ikusiko dugu edo Estatistikaren hastapenak, halaber, Estatistika Deskribatzaile anizkoitza edo Datu-Analisia ikusiko dugu XII. gaian.

Dakusagun, bada, gaian sartu aurretik, ESTATISTIKA DESKRIBATZAILEAREN definizio bat.

ESTATISTIKA DESKRIBATZAILEA, datu-multzo HANDIAK aurkez ditzakeen teknika bat da, multzo hau eskurakoi bihurtuz, beraren egitura gardenduz eta beraren barne-harremanak neurtuz.

1.2. OROKORTASUNAK 1.2.1. Populazioa eta lagina Ikerketa estatistiko bakoitzean objektu nagusi diren pertsona, ondasun, saioaren emaitza (adibidez: datuaren aurpegia) probintzia baten herri, hauteskundearen alderdi politiko, edota fabrikazio-unitateek osatzen duten multzoari POPULAZIO edo UNIBERTSO deritzogu.

Populazioa ondo definitzeko edozein elementu partikular populaziokoa den ala ez jakin ahal izatea, beharrezkoa zaigu.

Populazioak bukaezinak (adb: boltsa batetako erauzketak) ala bukakorrak (eskualde batetako enpresa kooperatiboak) izan daitezke.

LAGINA: Lagina azpipopulazio errepresentagarri bat besterik ez da; populazio batez konklusio fidagarriak atera nahi baditugu, ahal dugun azpipopulazio errepresentagarriena aukeratu beharko dugu lagintzat.

LAGIN errepresentagarri hau erauzi egiten duen prozesuari zorizko laginketa deritzo.

Lagina erauztean populazioaren elementu guztiei posibilitate berdina ematen badiegu, zorizko lagin sinplea deritzogu honela aukeratutako laginari.